
Aurrekontuak «prozedura barik» onartu direla dio SOS Errigoitik
Errigoiti 2007. urtea galerekin amaitu izana eta informazio eza kritikatu ditu herri plataformak, eta kezkatuta dago egoeragaz.
maite orue
SOS Errigoiti herri plataformako kideen ustez, aurrekontuak onartzerakoan «prozedura jarraitu barik» jokatu du Udalak. Salatu dutenez, «edozein erabaki hartu aurretik, azterketa bat egiteko beste aukera eman behar da, eta talde honek [SOS Errigoiti] ez du ez galderarik, ez ekarpenik egiteko erarik izan».
EAJk onartutako 2008ko aurrekontuen aurkako helegitea jarri zuen herri plataformak osoko bilkuran; besteak beste, Diru Kontuen Batzorde Berezia batzartu ez izanagatik prozedura bete ez dela salatuz. Euren esanetan, helegitea aurkeztu ostean aipatu batzordea maiatzaren 7an egindako osoko bilkura baino ordu erdi lehenago bildu zen. «Diru Kontuen Batzorde Berezian alderdi bakoitzeko ordezkari bat dago, eta bilera osoko bilkura hasten denerako amaituta, ez dago astirik alderdikideei informazioa emateko».
Informazio eza
Beste alde batetik, informazio eza ere salatu dute SOS Errigoitiko kideek. «Alkateak sistematikoki ukatzen diete kontu publikoen informazioa oposizioko zinegotziei». Jokabide hori «arlo ekonomikoan bereziki larria» dela gaineratu dute, «agertzen doazen datu eskasetan agerian geratzen delako herriaren egoera kritikoa», euren arabera.
Errigoitiko Udalak 2007a «244.000 euroko galerekin» amaitu izana ere kritikatu du plataformak. Zorraren inguruko xehetasunak eskatu arren erantzunik ez dutela jaso dio. «Egoera hau diru-sarreren aurreikuspenik ez delako egin eta dagoena baino gehiago gastatzen» delako eman dela dio SOS Errigoitik.
Guzti horregatik kezka agertu du plataformak. «Errigoitiko Udalak inoiz izandako aurrekonturik handienaren aurrean gaude (2.691.903 euro) baina, era berean, beharbada inoiz izandako egoera kezkagarrienaren aurrean ere bai».
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.