
Udalak aurten bi milioi eta erdi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du
Errigoiti Mallukiko industriaguneko sarrera egokitzea eta Olabarri urbanizatzea dira Udalaren proiektuetako batzuk.
danel lauzirika
Azken osoko bilkuran udalbatzak 2008rako aurrekontuak onartu zituen. Gastuen aurtengo aurrekontua 2.691.903 eurokoa izango da. Diru kopuru horretatik 1,9 milioi euro inbertsioak egitera bideratuko dituzte. Sarreren aurrekontua ere 2.691.903 eurokoa izango da.
EAJren gobernu taldeko bost zinegotzien aldeko bozkei esker irten da aurrera aurrekontua. SOS Errigoitiko zinegotzi biek, kontuen zenbait puntutan euren desadostasuna erakutsi ondoren, kontrako botoa eman zuten.
Udalak aurrekontuaren zati handi bat Mallukiko industriagunearen proiektua martxan jartzera bideratuko du. Horrela, 753.338 euro industriaguneko sarbidea egiteko BI-2121 errepidea egokitzera bideratuko dituzte. Udal arduradunen esanetan, lan horiek osorik ordainduko ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan Sailak. Aurten 350.000 euroko laguntza emango du Aldundiak, eta 2009an beste erdia.
Hirigintza arloko beste erronka garrantzitsuenei dagokienez, Olabarri auzoaren urbanizazioaren hirugarren faserako 600.000 euro aurreikusi dituzte. Uriako plaza egokitzeko lanetarako, berriz, 119.708 euroko aurrekontua du Udalak.
Pintadak garbitzeko eta bestelako garbiketa lanetarako 25.000 euro bideratu ditu EAJk. Kultur eta kirol ekintzetarako aurrekontua, aldiz, 32.000 eurokoa izango da. Hirigintza lanetan 50.000 euro gastatuko ditu Udalak, eta bideak konpontzen 70.000 euro. Argiteria publikoaren eta parkeen mantenurako, berriz, 18.000 euro bideratu dituzte.
Desadostasuna
Oposizioko kideek Landia, Artza eta Gorbeia auzoetara doazen bideak egoera txarrean daudela salatu zuten, eta horiek konpontzeko Udalak ez du aurreikuspenik egin, «bestelako bide batzuk (bidegorriak, oinezkoentzako bideak...) konpontzea aurreikusten duten bitartean. Horietarako 138.117 euro aurreikusi dira».
Udalak Olabarrin materiala gordetzeko biltegirako 56.117 euro bideratzea salatu du SOS Errigoitik. Era berean, pintadak garbitzeko aurrekontua 25.000 eurokoa izatea salatu dute.
Iñaki Madariaga alkatearen esanetan, aldiz, «tristea da historian lehenengo aldiz Errigoitiko alkateak pintadak garbitu eta hiri altzairua konpontzeko 25.000 euroko aurrekontu partida bideratu behar izatea. Horrek zer esan gura du? Herritarrek oinarrizko zerbitzuetarako 25.000 euro gutxiago izango dituztela».
Aurrekontua egiterakoan hilerrian nitxoak eraikitzea ez dutela kontuan hartu dio oposizioak.
Ikuspegi kontrajarriak
«SOS Errigoitik nulutzat ematen du 2008ko aurrekontuaren onarpena, kontuen batzorde berezitik igaro ez delako. Ez da tramitazio zuzena jarraitu, kontuen batzorde bereziak aztertu behar dituelako aurrekontuak osoko bilkurak baino lehen», adierazi zuten SOS Errigoitikoek bilkuran.
Euren ustez, «EAJk prestatutako aurrekontuek Udala zor izugarrietan uzten dutela konturatu gara. Hori dela eta, ez dugu uste onargarriak direnik. Udalaren etorkizuna hipotekatu egiten da. SOS Errigoitirentzat ezinbestekoa da aurrekontua hobeto administratzea».
Errigoitiko alkate Iñaki Madariagaren ustez, «ezker abertzaleak, hamairugarren urtez jarraian ezetz esan die aurrekontuei. Historia guztian Errigoitik izan duen aurrekonturik onena da aurtengoa. Kontuak batzorde informatibotik pasatu beharrean osoko bilkurara eramatea demokratikoagoa da, azken finean botere erabakitzailea osoko bilkurak duelako».
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.