
Uria auzoko udal jabetzapeko taberna berritzeko tramiteak, abian
Errigoiti Legealdia bukatu aurretik taberna berritu, lehiaketara atera eta hiru lanpostu sortzea da agintarien asmoa.
danel lauzirika
Azkenengo osoko bilkuran Udalak Uria auzoko herriko taberna berritu eta martxan jartzeko proiektua onartu zuen. Orain proiektuaren tramiteak egingo ditu Udalak, eta gero tabernaren kudeaketa lehiaketara aterako du.
Udal jabetzapeko lokala egokitzeko lanak legealdia bukatuta baino lehenago amaituta egongo direla aurreikusten du Iñaki Madariaga alkateak.
«Orain finantziazioa bilatzen ari gara», adierazi du du Madariagak. Herriko tabernaren proiektua aurrera eramateko Errigoitiko Udalak 224.610 euroko aurrekontua izatea aurrikusten du.
Hiru lanpostu
Obrak egin ondoren lokalak 130 metro koadro inguru izango dituela adierazi dute agintariek. Terraza gehituz gero, aldiz, bere azalera 180 metro koadro ingurukoa izango da. Taberna eta jatetxe zerbitzua izango ditu lokal eraberrituak, eta jantokian 30 pertsonentzako tokia izango du. Udal agintarien esanetan, proiektu horren helburua herritarrei beste zerbitzu bat eskaintzea da. Uria auzoan gaur egun ez baitago taberna edota jatetxerik.
Herriko tabernaren kudeaketa lehiaketara eraman ostean hiru lanpostu sortuko direla adierazi dute agintariek.
Besteak beste, lokala margotzea, teilatua egokitzea, altzairu egokiak jartzea eta aire girotuko instalazioa ezartzea izango dira Uriako tabernan egin beharreko lanetako batzuk. Izan ere, gaur egun lokalak ez ditu taberna eta jatetxe zerbitzuek eskatzen dituzten azpiegiturak. Eta orain arte auzoko jaietan bakarrik erabiltzen izan da lokal hori.
Uria biziberritzen
Herriko taberna eraberritzearen proiektua Udalak Uria auzoa biziberritzeko aurrera daraman politikaren baitan kokatzen da. Udalak Urian euste-horma bat eraiki ondoren auzoko plazak 700 metro koadro gehiago izango ditu, eta bertan aisialdi esparrua egiteko asmoa du. Proiektu horren kostua 95.551 eurokoa izango da.
Horrez gain, Urian autobusentzako geraleku berria egin eta argiteria hobetu gura dute.
############
Tabernaren kudeaketa lehiaketara aurkeztu ostean hiru lanpostu sortzea aurreikusten dute
############
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.